Arte ohiturak

Zendeak arte ondare interesgarria du, Erdi Arokoa eta Errenazimentukoa batez ere. Donejakue bideari oso loturik egon zenez, erromanikoa eta gotikoa ederki garatu ziren, eta, era berean, eragin frantziarra sartu zen eskualdera.

Espartzako Done Eztebe elizan daude estilo erromanikoko pieza interesgarrienak. Harriz eraiki zen, bi garai desberdinetan, XIII. eta XVI. mendeen artean. Tradizio erromatarreko ataria du. Turuta gisakoa da ataria, eta kapitel zoomorfikoak ditu.

Zendeako obra gotiko interesagarrienak Galarko eta Subitzako parrokiak eta Olazko tailua dira. Tailuak Andre Maria eseria irudikatzen du, besotan Jesus haurra duela.   Aipatutako lehenbiziko eliza Tourseko San Martinen omenez eraiki zen. Elizaren ateak erdi puntuko arku bat du, turuta gisakoa, eta arkiboltak ditu, kapital begetalak eta zoomorfikoak dituzten hiru bikote zutabetan bermatuak. Atearen tinpanoa motibo heraldikoz apaindurik dago. Subitzako San Joan Bataiatzailea elizaren estiloa gotiko berantiarrekoa da.

Bereziki aipatzekoa da Andre Mariaren Olazko tailu delikatua, zurez egina. 1400. urte inguruko tailu hori hemezortzigarren mendeko erretaulako irudi nagusia da. Eserita dagoen Andre Mariaren irudia da, eta XIV. mendeko tradizio frantziarrari jarraikiz landu zen. Ezkirozko eliza eta Cordovillako eta Espartzako elizen zati batzuk Errenazimentukoak dira. Ezkirozko San Adrian parrokiaren estiloa Errenazimentu-gotikoa da, XVI. mendearen lehenbiziko erdialdekoa. Atari batek babesturik, turuta gisakoa da bertako atea, eta zorroztasun gutxiko arkiboltak ditu, kanpokoa izan ezik.

Cordovillako San Kosme eta San Damian eliza bi garai desberdinekoren emaitza da: burualdea XVI. mendekoa da, eta gainerakoa, aldiz, anitzez ere berriagoa. Berdin esaten ahal da Espartzako Done Eztebe elizari buruz. Eraikuntzaren bigarren etapa XVI. mendekoa da, lehenbizikoa, aldiz, erromanikoa. Zinez interesgarria da Zendea osoan garai desberdinetako erretaula ugari ikustea; Espartzako platereskotik hasita, Arlegiko XVII. mendekora heldu arteraino. Herri horietako testuinguruaren barnean kalitate artistiko berezia du Espartzakoak.

XVI. mendeko plateresko estilokoa da, eta eskultura —bankuan eta erdiko kalean— eta taula gaineko pintura —alboetako kaleetan— nahasteaz gainera, edertasun handia zabaltzen du bi adierazpide artistikoen elkartze harmonikoan.

Miguel Marsalek Errenazimentu estiloan bete-betean eginik, Ezkirozko erretaula nagusia zoragarria da, irudi eta erliebe aberatsak baititu.

Arlegiko Tourseko San Martin elizako erretaulak erromanistak dira. Eliza horrek XVII. mendeko hiru erretaula ditu, antzeko arkitektura eta apainketa dituztenak. Beharbada, Juan de Ardanazek muntatu zituen. Getzekoak ere erromanistak dira, baina XVI. mendearen lehenbiziko erdialdekoak.

Berriagoa da Barbataingo San Migel elizako erretaula. Zur urreztatu eta polikromatuan egina da, eta apainketa barrokoa du. Bertako irudiak gaur egungoak dira, San Migelen irudia izan ezik, erretaularen garaikoa izaten ahal baita.

Bukatzeko, Espartzako eta Getzeko bataiarriak aipatzekoak dira. Espartzakoa oso bitxia da, hori egiteko bi kapital erromaniko erabili zirelako.

Urregintzari eta liturgia hornidurei dagokienez, nabarmentzekoa dira Espartzako parrokiako pixidea, esmaltez egina, gaur egun diozesiko museoan dagoena, eta XVIII. mendeko Arlegiko eliz kapa eta Filipinetatik ekarri ziren objektuak.

Subitzan arkitektura zibila nabarmentzen da, jauregi dorredun ederra duelako. XVIII. mendeko Nafarroako dotoreenetariko bat da. Teilatu-hegal irtenak izateaz gainera, bi ixurkiko estalkia duten dorreak ere ageri dira alboetan, baita armarri rococo bat ere.