Geografia
Galar Zendea Iruñerriko mendebaldean dago. Izen berezi hura egundaino gorde duten zendeen artean hegoaldekoena da Galarkoa, eta 44,90 km2-ko azalera du. Zortzi kontzeju ditu: Arlegi, Cordovilla, Ezkirotz, Espartza Galar, Galar, Olatz-Subitza, Getze eta Subitza. Era berean, leku populatu bat du: Barbatain Udaletxea Getzen dago.
Beriain Galar Zendeako kontzejua izan zen 1992a arte, urte hartan Zendeatik banantzea onartu baitzuen 222/92 Foru Dekretuak, ekainaren 15ekoak (NAO, 78 zk., 1992ko ekainaren 29koa).
Historikoki, Galar Zendea izena 1427an agertu zen estreinako aldiz. Ordura arte, Zendeako hamar herriak Iruñerrian sarturik egon ziren administrazio zereginetarako, eta, Elizaren ikuspegitik, “Conca Pampionae” artzapez-barrutikoak ziren XIII. mendeaz geroztik.
“Zendea” hitzaren jatorria aski ezezaguna den arren, Errege Akademiak honela definitu du: “Udal bat osatzen duten herri batzuen elkartzea”. Administrazioari dagokionez, zendeak Nafarroan besterik ez daude. Gehienetan ibar batekin parekatzen dira, eta gutxiagotan horren zati batekin. Galar leku-izenaren euskarazko esanahiari dagokionez, “gari-lurra” esan nahi du. Izan ere, horrela irudikatzen du Udalaren armarriak: urre-koloreko hiru galburu, sorta batean bildurik, gainean urre-koloreko eguzki bat dutela.
Jatorrizko basoei dagokienez, artadiak, erkameztiak eta hosto txikiko hariztiak zeuden, baina gaur egun Erreniega mendiko iparraldeko magalera baztertu dira ia-ia espezie horiek guztiak. Horien ordez, pinudi artifizialak hazten dira egungo paisaian, eta mendi-pinua, larizio pinua eta pinu gorria biltzen dira batez ere pinudi horietan.
Izarbeibarra ez bezala -eguterako ibarra da hura-, Erreniega mendiko iparralde laiotzean dago Galar Zendea. Antzinatik, laboreak, bazkak eta lekadunak nagusi izan dira Zendean, eta nekazaritza-lanak modernizatu zirenetik aletegi garrantzitsua da Nafarroarendako, hango uztak oso erregularrak baitira. Era berean, industria enpresa batzuk ezarri dira eskualdean, eta hainbat mila lanpostu (etxetresna elektrikoak, potasa, papera) eta zerbitzu ugari sortu dituzte.
Historian barna betiko biztanle kopuruari eutsi dio Galar Zendeak; Iruña hurbil izanik hiriburuarekin ekonomia eta merkataritza fluxu etengabean aritu baita. Hurbiltasun horri esker Galarko zenbait herriren hirigintza aski garatu da -Ezkirotz eta Cordovilla, besteak beste- hiritik herrietara doan migrazio-exodoagatik. Izan ere, Iruñeko etxebizitzak garestitu ahala gero eta nabarmenagoa da mugimendu hori.