Historia

Galar Zendeako lehenbiziko giza kokalekuak Metal Arokoak dira. Espartzan eta Galarren Brontze Aroko populatze bat egon ahal izan zela erakusten duten hainbat aztarna aurkitu dira, eta, Getzen eta Subitzan, berriz, Burdin Aroko beste batzuk egon omen ziren.

Iruñetik hurbil dagoenez, eskualdeak Ponpeiori lagundu bide zion erromatarren guda zibiletan. Herri zenbaiten toponimia dugu harreman horren lekuko: Espartzari, adibidez, Espartatik, Antzinateko hiri greko ospetsutik, izena etorri zaiola badirudi. Aspaldiko ustea bazterrean utzirik, erromatarren formak eta ohiturak sartu eta errotu egin ziren Penintsulako iparralde osoan.

Nolanahi ere, Zendeak historian izan zuen goieneko aldia Erdi Aroa izan zen, zalantzarik gabe. Jakin badakigu erresumako herri garrantzitsua izan zela. Oinetxe batzuk egon ziren Zendean, eta erregearen sariak lortu zituzten, etxe batzuetan egundaino iraun duten armarriek argi adierazten duten bezala. 1109an Iruñeko katedrala Zendea menderatzen hasi zen, Espartzako lastategi baten jabe baitzen garai hartan. San Joan ordenak ere sail ugari izan zituen eskualdean. Sanjoandarrek, errentak jasotzeaz gainera, hainbat jabetza izan zituzten Arlegin, Barbatainen, Ezkirotzen, Galarren eta Olatzen. Errenta horiek gauzaz ordaindu ohi ziren: garia, oloa, garagarra eta oiloak. Elizaren beste erakunde batzuek ere, Iratxeko monasterioak eta Orreagako kolejiatak, besteak beste, errentak izan zituzten eskualdean.

Garai hartan Zendearen historia oso loturik egon zen Nafarroako nobleziarekin eta errege-erreginekin. Hartaz, 1138an, Gartzea Berrezarleak herri aske izendatu zuen Getze, eta Gartzea Ramirezek Cordovillako jaurerria beretu zuen —Leireko monasterioarena zen garai hartan—, eta, 1150ean, Antso Jakitunak Cezze eta Uharte eman zizkion Iruñeko katedralari. Berrogei urte geroago, Antso Azkarrak Galar eman zion Hurtado de Mendoza etxekoei.

Garai hartako beste datu interesgarri bat dugu:  1142an, García Sanz de Oyerzak eta bere emazteak jabetza batzuk eman zizkioten Iruñeko katedralari. Horrek frogatzen du XII. mendetik aurrera hainbat kapare bazirela Zendean.

Herritarrak, oro har, petxariak izanen ziren. Herriaren antolamenduan, petxariek zerga ekonomiko bat (“petxa”) ordaindu behar zioten jaunari, hau da, errege edo noble bati, edo, bestela Elizaren erakunde bati. Behe Erdi Aroan herritarrak “suetan” multzokatzen ziren. Sua zen zerga publikoak edo jaunak eskatutako zergak ordaindu behar zituen familia-unitatea. Hartara, 1366an Arlegi zen su gehien zituen herrietariko bat: lau su nekazarienak ziren eta beste bost, berriz, kapareenak. Elizako agintariekin batera, kapareek, zergak jasotzeaz gainera, ondareak ere bazituzten.

Historia testuinguru berberean, 1348an izurriak Zendea soildu zuela nabarmendu behar da. Antza denez, 1360 aldera Barbatain jendez hustu zen izurri horren eraginez,.
Bestalde, mendeetan barna Donejakue bideak garrantzi handia izan zuen eskualdean, eta horri esker Zendeako herriak eta artea ederki aitzinatu ziren. Izan ere, Galar Zendea kokagune nabarmena izan zen Orreagatik Garesera zihoan iparraldeko bideko ibiltarien joanetan.

XIX. mendean, Zendea bete-betean sarturik gelditu zen Independentzia gerraren zurrunbiloan. Hain zuzen ere, inbasioaren urtean bertan 34 nafar fusilatu zuten Cordovillan. Zaragozarako errepide nagusiko 3. kilometroan, ezkerraldean eta eskailera batzuen gainean, Foru Diputazioak ordaindu zuen oroitarri batek fusilatuak dakarzkigu gogora. Oroitarriak, soila zinez, honela dio: “Aquí fueron fusilados 17 boluntarios y 17 padres de boluntarios por orden del gobierno intruso el día 9 de diciembre de 1.812”.

Geroago, frantziar eskuadroi bat Iruñetik atera zen  Zizurko Zendeako diputatuak eta zinegotziak atxilotzera, eta, orduan, Galar Zendeako herritarrek parte hartu zuten borrokan. Era berean, Zendeak karlistaldietan hartu zuen parte. Eskualdean borrokalariak eta borrokak izan zirenik frogatzen duen daturik ez dagoen arren, borrokan aritu ziren armadek Zendeari ezarri zizkioten errazioen hornidurei buruzko zifrak aurkitu dira.

XX. mendeak erruzko aldaketak ekarri zituen teknikan zein kulturan. 1933. urte aldean, oraindik ere, ez zegoen errepiderik, ez barnekorik, ez kanpokorik, Zendeako herrietatik errepide nagusira zihoazen adar estu batzuk izan ezik. Etxebizitzak, aski pobreak, utzirik zeuden, eta familia batzuetan sorginak bazirela sinesten zuten oraindik. Ikastetxeak oso urriak ziren, eta ia ez zegoen argindarrik.  Gerra Zibilaren eraginez, herritarrek nekazaritza utzi zuten, armak hartu behar izan zituztelako. Horregatik, hain zuzen ere, uztak eta ondoko lanak antolatu behar izan ziren gerra-tokien atzealdean, eta herri bakoitzeko herritarrek bat egin zuten bizirik iraun ahal izateko.  Mendearen lehenbiziko hamarraldietan Zendeak garai larria iragan zuen arren, egora erruz aldatu zen handik gutxira, industrializazioa sartu baitzen eskualdean. Horri esker, herritar guztien bizi baldintzak eta maila hobetu egin ziren.

Volver arriba